ASTEKARIA

Hau IKT-ko praktikako klaseen astekaria izango da. Bertan, saio hauetan egiten dugunaren eta hausnartutakoaren berri emango dut.


LEHENENGO ASTEA


Ostirala, 2014ko urriaren 24a (1. SAIO PRAKTIKOA)

Gaur Blogaren sorrera eguna izan da.

Nik hautatuako gaia kulturak hezkuntzarekin daukan lotura izan da, gai horren ikerketa sakonago bat egitea gustatuko litzaidakeelako.

Norbera bere Gmail-eko kontura sartuz eta "gehiago" aukeran klikatuz sartu gara Blogger-era .Lehenbiziko pausoak eta blog baten funtzionamendu orokor bat ikasteko aukera izan dugu. Horretarako, gaiaren inguruan ezagutzak dituen Xabier Ibarrondo ikaslearen laguntza izan dugu, berak esan baitigu nolakoa den gutxi gorabehera blog baten oinarrizko funtzionamendua.

Bloga zabaltzean, lehenengo sarrera idazten has gaitezke, titulu batekin. Sarrerek hainbat material desberdin izan ditzakete: bideoak, irudiak, testuak, linkak eta abar. Klasean hainbat sarrera probatu  ditugu, aipatutako materialak erabiliz (bideoa, irudia,…).

Bideoei dagokienez, Youtube-ko edo Vimeo-ko orrialdeetatik txertatu ditugu, frogak egiten. 
Youtube-tik bideoak itsastean, nahikoa da URL-a kopiatzearekin. Aldiz, Vimeo-tik bideo bat itsastean, prozesua luzeagoa izaten da. 

Esatekoa da, egindako guztia gorde daitekeela beste momentu baten segitzeko. Besteek ikusteko, publikatu beharra dago. Gorde bakarrik egiten denean ez da publikatzen.

Sarrerez gain, informazioa gordetzeko eta praktiketako astekariak blogean egoteko, bi orrialde ireki ditugu. Horretarako "diseinua" atalean, "orrialde berria sortu" aukeran klikatu dugu. Sortutako orriei tituloa jarri eta "gorde" aukeran klikatu dugu. Ondoren, "publikatu" atalean klikatu egin dugu. 

Klasearen amaiera aldera, muruaren aldaketak eta blogaren diseinu aldaketa orokorrak nola egiten diren frogatzen ibili gara. 


Klasean zehar ikasitako funtzio batzuk hauek izan dira:

  • Sarrerak egiten ikasi ditugu
  • Egindako sarrerei etiketak txertatzen, Bloga antolatuago bat izateko.
  • Bideoak eta argazkiak txertatzen ere ikasi dugu: bai Youtubetik eta bai Vimeotik, baina prozesuak desberdinak dira.
  • "Publikatzea" eta "gordetzea" ez dela berdina.
Esan dezaket, lehenengo eguna izanda, zailtasun batzuk izan ditudala, eta zenbait momentutan zertxobait galduta ikusi dudala nire burua. Hala ere, hurrengo klaseetan erraztasun gehiago izango dudala uste dut, saioen haria harrapatutakoan.



BIGARREN ASTEA


Osteguna, 2014ko urriaren 30a (2. SAIO PRAKTIKOA)

Klasean blogarekin aritu gara berriz ere, bere funtzionamendua hobeto ezagutzen.

Hasieran, gelakideek dituzten blogak estekatu ditugu, horrela besteen blogak ikusi ahal izateko. Esteka horiei "gelakideak" titulua jarri diet, zeintzuk, eskumako aldean agertzen dira.

Gero, Eusko Jaurlaritzako orrialdera sartu gara. Bertan agertzen diren berriak gure blogean agertzeko, URLa kopiatu eta gadget barnean "berriak" aukeran itsatsi dugu. Horrela, nire kasuan, Blogaren eskumaldean, Eusko Jaurlaritzako azkenengo bost berriak agertuko dira. Berri horiek txandakatzen joango dira. Hau da, berriagoak daudenean, horiek agertu eta zaharragoak direnak ezkutatu egingo dira. Hau oso interesgarria izan daitekeela uste dut. 


Blogaren beste osagai bat ikasteko parada izan dugu: erloju bat txertatu dugu goiko aldean, eskumaldean. "Clocklink" orrialdetik abiatu gara horretarako. Nahi izan dugun erlojua aukeratu, orduaren zonaldea zehaztu eta URLa kopiatu egin dugu. Gadget barruan "HTML/Javascript" aukeran itsatsi dugu URLa, horrela ordua blogean agertzeko.

Gainera, datu pertsonalak editatu daitezkeela jakin dut, eta berton argazki bat jartzea komenigarria dela.

Saio bukaeran, klasea amaitzeko 10 minutu falta zirela, eguneko astekaria idazteko agindu digu irakasleak.

Saio osoan zehar egin dugunaren artean honako hauek azpimarra daitezke:

  • Erlojua hautatu eta kokatu ("clocklink" orrialdea erabiliz)
  • Perfila editatu eta argazkia ipini, niri buruz atalean.
  • Link zerrenda bat, gelakideen blog-ak txertatuz (URL ak)
  • Feed-ari buruzko bideo bat ikusi.

Gaur, berriz, nahiko zentratuago egon naizela uste dut, eta hurrengo egunetan klaseen funtsa harrapatzen joango naizelakoan nago. Blogaren funtzionamendua gero eta hobeto kontrolatzen dut, eta kontzienteago naiz Blogek ematen dituzten erraztasunez.




Ostirala, 2014ko urriaren 31a (3. SAIO PRAKTIKOA)

Hirugarren saio honetan, Bloga ez dugu ia erabili. 4.2 aktibitatea, "Blogen aplikazio didaktikoak" deituriko jarduera burutu dugu.

Batik bat, Blogen inguruan informazioa eta erreferentziak bilatzen jardun dugu, taldeka, klasearen amaieran aurkezpen bat egiteko, Blogen inguruan, hain zuzen ere. Informazioa Internetetik eskuratu behar izan dugu. 

Esan bezala, klasearen amaiera aldera, ikaskideen aurrean blogei buruzko aurkezpenak egin ditugu, Prezi izeneko programaren bitartez. Irakasleak beste programa batzuekin egitea proposatu digu, hala nola, Padlet edo Bubbl, baina guk Prezi-rekin gustora egon gara.

Nire taldean, Aingeru, Unai, Ekaitz eta laurok egon gara lanean, gustora. Bost talde zeuden guztira, eta gurea azkena izan da aurkezpena aurkezten.

Aurkezpena prestatzeko ordu bat inguru eduki dugu, eta aurkezpenak 40 bat minutu geratzen zirenean hasi dira.

Azken minutuetan, astekaria osatu ahal izan dugu.




HIRUGARREN ASTEA


Modulurako 1. astea.



LAUGARREN ASTEA


Osteguna, 2014ko azaroaren 13a (4. SAIO PRAKTIKOA)

Bi aste pasa ondoren, IKT ikasgaiaren praktika saioetara bueltatu gara. Etenaldi hain luzea egon izanaren arrazoia modulu asteak ikasgai guztietan eragindako geldialdia izan da.

Gaur, Word programaren erabilgarritasun batzuk ikasten eta birpasatzen egon gara, irakaslearen diskurtsoa entzunez. Ezagutzen ez nituen eta gaurko saio honetan praktikan jartzen ikasi ditudan erabilgarritasun horietako batzuk honako hauek izan dira:

  • Orrialde jauzia txertatzea, politago geratzeko (Insertar + salto de página)
  • Testuak alfabetikoki ordenatzea, adibidez, bibliografiak... (testua hautatu, Inicio + párrafo + A/Z aukera sakatu)
  • Aurkibide txantiloia txertatzea (Referencias + tabla de contenido)
  • Komentario edo iruzkin bat orrialdearen marjinean sartzea
  • Estekak jartzea (hipervínculos)

Geroago, binaka jarri gara eta Word programarekin lanean aritu gara. Nire lanerako bikotea Josu Isasi izan da. Irakasleak denbora eman digu Word-en erabilera batzuk praktikan jartzeko eta nahiz eta hasieran zertxobait galduta egon garen, zer egin ez genekiela, azkenik arazo handirik gabe burutu ahal izan dugu ariketa hau. Azkenik, burututako lana Egela plataforma akademikora igo dugu. 

Esan dezadan, nahiz eta Word programarekin aritu garen, gauza asko ikasi ditudala. Izan ere, jende askok erabiltzen dugu programa zehatz hau, eta oinarrizko erabilera soberan badakigu. Hala ere, lanak azkarrago eta era ordenatuago batean bukatzeko "trikimailuak" badaude,  baina pertsona ugarik ez diete jaramonik egiten. Horregatik, oso baliagarria iruditu zait gaurko saioa.

Bitxikeri modura, esan dezaket gaur Josu Isasi gure taldera batu dela, eta orain bost garela: Ekaitz Garcia, Aingeru Garcia, Unai Martin, Josu Isasi eta ni neu, noski. Hain berandu batzeko arrazoia orain arte gutxitan etorri dela klasera izan da, eta ondorioz, bigarren astean egindako  aurkezpena ez zuen gurekin egin.


Ostirala, 2014ko azaroaren 14a (5. SAIO PRAKTIKOA)

Gaurko saioan, Egela plataforman dauden testu batzuk irakurtzen egon gara, "Los jetas y pasotas"... Testu honetan esaten dena talde dinamiketan lan egitea aberatsagoa izaten dela baina zailagoa ere badela, koordinazioa arazoak direla eta, taldekide guztiek desberdintasunak dituztelako eta metodo diferenteak erabiltzen dituztelako. Oro har, testu horren tesia hurrengo hau da: "pasota" eta batez ere, "jeta" horiei hasieratik duten aprobetxatzeko nahi hori kendu behar diegu, beldur barik.

Ondoren, irakurmenak guregan eragindakoa taldeka partekatu dugu, ostean, debate bat piztuz eta gainerako ikasleen iritziekin alderatuz. Beste gauza batzuen artean, taldeetan arau batzuk zehaztu behar direla eta ikaskide guztiek bete behar dituztela komentatu eta adostu da klasean. Gainera, nortasuna izan behar dugula uste dut, jeta zein pasota horiei aurre egiteko.

Gainera, proiektu batekin hasi gara eta horretarako taldetan banatu gara. Lehenbiziko zeregina arauak ezartzea eta talde fitxa osatzea izan da, eta ondoren, Sites bat eratu, non orrialde hauek zabaldu ditugun, antolaketa hobe baterako: materialak gordetzeko, emangarriak, aurkezpenak eta aktak.




BOSGARREN ASTEA


Osteguna, 2014ko azaroaren 20a (6. SAIO PRAKTIKOA)

Egoeraren azterketarekin aritu gara gaur. Horretarako, Lehen Hezkuntzako 4.maila oinarri hartu behar izan dugu eta praktiketan bizitakoan oinarrituz, gure taldekide batean oinarritu gara, izan ere, LHko 4.mailan aritu zen.

Informazio hori mapa kontzeptual batean jarri dugu eskematikoki "Popplet" programa digitalaren bitartez; niretzat, behintzat, berria zena, baina nahiko erraza izan da erabiltzen. Ondoren galdera batzuk erantzun ditugu gure hipotesiak botatzeko errazagoa izateko. Horretarako brainstorming bat egin eta hortik ideiak aukeratu ditugu.

Galderak hauek izan dira:

  • Zergatik sortu da eskaera hori?
  • Zein izan beharko zen nire erantzuna?
  • Eguneroko lanean ikasgelan abantailarik al dauka IKTakaplikatzeak?
  • Eskolan zer nolako planteamendu dago arlo honetan?
  • Zertarako erabil ditzaket nik IKTak? Zer egin daiteke ordenagailuekin?

Azkenik, kronograma bat egin dugu hurrengo asteetarako lan plangintza sortzeko, proiektua ondo ateratzeko.



Ostirala, 2014ko azaroaren 21a (7. SAIO PRAKTIKOA)

Saio honen hasieran, honako bideo hau ikusi dugu, konpetentzia digitalei buruzkoa:
 

Bideo honek azaltzen digu gero eta tresna sofistikatuagoak ditugula (mugikorrak, tablet-ak...) eta gure gizartea gero eta teknologikoagoa dela, baina ez dugu teknologia behar bezala aprobetxatzen. Ikus-entzunezko gizarte honetan alfabetizazio anitza behar dugu. Izan ere, hiritar digitalak ere behar ditugu, gizartea prestatu behar dugu mundu errealean bizitzeko, baita birtualean ere. Gaur egun gure arazoak ere daude mundu birtualean (sare sozialetan...), beraz, hiritarrek ere ikasi behar dute nola jokatu behar den sare sozialetan. Eskola interesatu behar da gizarte digitalean eta adibidez, komikiaren hizkuntza edo argazkigintza Lehen Hezkuntzako curriculumean egon beharko litzateke. Etengabe eraldatzen den mundu batean bizi gara eta ikasleak horretara egokitu behar ditugu. Beraz, momentu honetan ikasleak prestatu behar ditugu informazioa arazoak gainditzeko, online jarrera ona izateko. Hau ez da soilik eskolaren lana, familiek ere parte hartu behar dute.

Ondoren, proiektuaren hirugarren ematekoa egiten hasi gara. Lana banatu egin dugu, taldeko batzuk mapa kontzeptuala amaitzen egon dira, eta bestetzuk, hausnarketa egiten ibili gara.

Bukatzeko, irakasleak azaldu egin digu ondoren egin beharrekoa eta Delicious programan kontua sortu dut, Google+ko kontuarekin sinkronizatuz. Programa honetan, linkak gorde daitezke, eta nik 7 link gehitu ditut nire Deliciuos-ean.




SEIGARREN ASTEA


Osteguna, 2014ko azaroaren 27a (8. SAIO PRAKTIKOA)

Proiektuarekin jarraitu dugu. Hasieran, Delicious kontuan txertaturik genituen 7 helbideetatik bat hautatu eta Egela-n dagoen ikasleen gidatik taula bat osatu dugu. Taula horretan, link horren datuak eta informazioa eskatzen zitzaigun, eta hori betetzean, taldeko Sites-era igo dugu.

Egia esan, proiekturako erabiltzen ari garen baliabidea, hots, Sites-a ez dut asko gustuko, izan ere, ezin baitugu bi pertsona batera editatu. Hori arazo bat da lanaren garapenerako, zereginak motelago egiten ditugulako. Hurrengo baterako, nahiagoko nuke beste eratako plataforma bat frogatzea.

Gainera, proiektura bueltatuz, gaur egindakoa batez ere egoeraren azterketa planteatzea izan da: zein izango den ikastetxearen izena, non egongo den, nolakoa izango den... Nire ustez, gure zereginak ondo egiten ari gara eta amaieran lan txukuna aurkeztuko dugu.

Bihar, ostirala, ez dago IKT-ko saio praktikorik, 2012-2013 eta 2013-2014 urteetako promozioen graduazio ospakizunagatik.




ZAZPIGARREN ASTEA


Modulurako 2. astea.



ZORTZIGARREN ASTEA 


Osteguna, 2014ko abenduaren 11a (9. SAIO PRAKTIKOA)

Bi aste daramatzagu IKT-ko saio praktikorik jaso gabe. Horren arrazoiak bi izan dira: batetik, azaroaren 28ko saioan 2012-2013 eta 2013-2014 urteetako promozioen graduazio ospakizuna egon zelako; bestetik, pasaden astea Modulorako prestatutako astea izan zelako.

Hori dela eta, lanari berriz ere gogor ekitea ezinbestekoa izan da, erritmoa berreskuratzeko eta lana atzeratua ez geratzeko. Egoeraren azterketari azken zehaztapenak eman dizkiogu (ikasleen ezaugarriak, eskolaren testuingurua...)

Bestalde, Blog berri sorrera eman diogu gaur. Izan ere, gure proposamena aurrera eramateko hura sortzea interesgarria izan zitekeela pentsatu dugu, era honetan sinesgarritasun handiago bat ematen diogulako gure proiektuari. Bloga Blogger plataformaren bitartez ere eraiki dugu, eta IkastenIkasten izena eman diogu. Hona hemen bertara heltzeko sarbidea:



Irudimenezko proposamen didaktiko honetan, gure helburua umeek IKT-ak sustatzea da, eta ikasgai guztiak ikasten dituzten bitartean, IKT-ei erabilpena ematea eta horiekin hobeto moldatzea, etorkizunean gero eta indar handiagoa hartuko baitute. Gure blogean, hainbat eta hainbat ariketa eta jarduera aurkituko lituzkete, eta gainera, haiek ere parte hartu ahalko zuten blogaren hobekuntzetan, interakzio bat egongo litzateke, hain zuzen ere. Astero, irakasleak umeei gai baten inguruko lantxo bat prestatzea aginduko lieke, eta hauek bertan txertatu beharko lukete. Umeei dinamikoagoa egiteko eta poztasun handiago batekin jarduteko, maskota edo logotipoa pinguino hau izatea erabaki dugu:





Oro har, esan dezaket proposatutako ideia hau nahikoa onartua izan dela, eta handik aurrera garatzeko errazagoa izan dela, hasi eta berehala, ideia gehigarriak ere agertu baitira. Gogo handiz ibili nahiz proposamen honekin ideia asko gustatu zaidalako eta etorkizunean ni irakaslea izanda, nire umeekin aplikatzea gustatuko litzaidakeelako.


Horrez gain, gaurko klasean prestatu dugun beste gauza bat abenduaren 19an egingo dugun aurkezpenaren diapositibak eratzea, eta ondoren itxura ematea. Hori egiteko beste plataforma nahiko ezagun batez baliatu gara: Drive. Ni, pertsonalki, banekien dokumentuak eratu zitezkeela bertan, baina ez, ordea, aurkezpenak diapositiben bitartez, Power Point-aren modura.


Ostirala, 2014ko abenduaren 12a (10. SAIO PRAKTIKOA)


Azken aurreko asteko bigarren egun honetan, talde bati jada aurkezpena egitea egokitu zaio. Gainerakoentzat oso baliagarria izan dela uste dut, proiektuaren nondik-norakoak ziurtatzeko, eta zuzentzeko edota bideratzeko behar izanez gero. Gainera, oso interes handiko presentazio bat izan dela, oso ondo eramanda, uste dut.

Klasea aurrera zihoan heinean, gure umeentzako Blog akademiko horrekin jarraitu dugu, itxura hobeago bat har dezan. Era berean, txosten edo proiektu deritzogun horri, amaiera eman diogula esan dezaket, eta pozik samar nago, bai nik egindakoarekin eta bai nire taldekideek egindakoarekin.

Nire aburuz, nahiko esanguratsua da komentatzea gaurko egunean ikusi ahal izan dudala lana epean prest izango dugula, zertxobait kezkaturik bainenbilen. Bloga eratuta eta osatuta izanda eta Sites-eko emangarriak eguneratuta eramanda ohartu egin naiz hurrengo asterako aurkezpena ondo prestatzea baino ez zaigula falta.

Esan bezala, hurrengo astean beste taldekide guztion aurkezpenak eta proposamen didaktikoak IKT-ak eskolak lantzeko, ikusiko ditugu. Gure txanda ostiralean izango da.




BEDERATZIGARREN ASTEA


Osteguna, 2014ko abenduaren 18a (11. SAIO PRAKTIKOA)

Gaurko saioan, taldeen aurkezpenekin ibili gara. Hauetako bat, gainera, Modulu Laneko bat izan da. Horren arrazoia gure praktiketako irakaslea talde horren tutorea izango delako da, seguruenik. Hau ondo iruditu zait irakaslearen partetik, izan ere, modulu honetarako egokitu zaigun gaia kultura ondareen lanketa izan da, zera da, nire blogaren gai nagusiarekin nolabaiteko zerikusia daukana, bietan hitz egiten baita kulturari buruz. Niri behintzat talde horrek egindako aurkezpena oso polita, erakargarria eta landua iruditu zait. Hasieran, Power Point-aren laguntzaz lanaren prozesua azaldu digute, eta ondoren, guztiok egin behar izan dugun bideoa jarri dute, non taldekide horiek agertzen diren Bermeon, hango kultura ondarea erakutsiz, istorio bat kontatzen zuten bitartean. Haiek aukeratutako gaia oso aproposa dela uste dut. Asko gustatu zait, hitz gutxitan, beharbada, oso zaila umeekin planteatzeko.

Modulu lana alde batera utziz, eta IKT-ko beste azalpenetan berriro ere murgilduz, hiru talde aritu dira gaur protagonista lanetan, nahiz eta hasierako planetan bik baino ez zuten egingo. Era honetan, gu izango gara bihar IKT-ko aurkezpena daukagun talde bakarra. Dirudienez, bihar ere Moduluko beste aurkezpen bat egongo da, beraz, suposatzen dut bigarrenak eta azkenak izango garela gure proiektua eta proposamena aurkezten, oporretan joan aurretik.

Bihar beraz, amaiera emango diogu IKT irakasgaiari, eta horrenbestez, astekari honi. Ea emanaldi on bat egiteko parada daukagun!


Ostirala, 2014ko abenduaren 19a (12. SAIO PRAKTIKOA)

Gaur, azken eguna izan da Gabonak aurretik, eta ondorioz, irakasgai honen azken eguna. Hori dela eta, Olentzero hurbil dela ikusirik, askok eta askok etxean gelditu dira eta ez dira klasera etorri.

Hala ere, gure talderako ez da patxadaz hartzeko moduko saio bat izan, izan ere, amaierako aurkezpena egin behar genuen, hau da, guk proposatutako egoera azaltzea. Talde bakarra izan gara IKT ko lana aurkezten, baina, gureaz aparte, Modulu Laneko proiektu bat ikusteko aukera izan dugu. Talde hau, oso lan txukuna egin duten ikusi da, eta Durangaldean eginiko bideo bat erakutsi digute. Bertan, Bizkaiko hainbat herritako kultura ondarea ikus zitekeen, baina, batez ere, Durangokoa.

Ondoren, gure txanda izan da. Oro har, lan on bat egin dugulakoan nago. Ni, behintzat, ez dut urduritasun arazorik nabaritu, gehienbat, jende askorik ez zegoelako klasean. Beraz, gure aurkezpena azkena izanda, amaiera eman diogu IKTko aurkezpenei.

Azkenik, irakasleak fitxa bat banatu digu, hots, ebaluazio orria. Gure iritzia eta egin dugunaren inguruan pentsatzen duguna ez da erabakigarria izango azken nota globalean, baina %10a izanda, gutxieneko begirada bat merezi du, eta horrenbestez, kritikotasun handiz betetzen saiatu naiz. Esan dezadan, sarritan eroso sentitu naizela saio praktikoetarako egokitu zaidan taldearekin, baina, esatekoa da zenbait gauza aldatuko nituzkeela, gure prozesua nolakoa izan den ikusita. Ezin naiteke, ordea, askorik kexatu, balantza bat hartuko bagenu esperientzia positiboak bizipen negatiboak baino indar handiagoz jaitsiko liratekeelako.

Besterik gabe, agurtzeko unea heldu da,

AGUR ETA HURRENGORA ARTE!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina